Jump to content

Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/19

From Wikisource
This page has been proofread.

INAZIO Ez; gaitz egingo zidak. (esertzen da)

AGUSTIN (jendeari) Hori ziria sartu diodana gizagaixoari; baleki dena gezurra dela eta gainera bere alde denak aritu direla esanaz desiratuko edo poztuko liratekeela biek bat egitea... Bai; gauza guziak zenbat eta neke gehiagorekin eta nahigabe handiagorekin igaroz gero, hala berean gozotasun eta atsegintasun hobeak ondoren izaten dira. Sinistu dit gizagaixoak! Hain da lotsatia eta beldurtia! Orain edatera noa, eta bakarrik badago neska,… horren ordez neronek esango diot ez gehiago sufriarazteko eta goian zer hitz egin duten. (Inaziori) Ba al hator? Ni edatera noak. (Inaziok kasurik ez dio egiten)

AGUSTIN (jendeari) Bai; neskari esango diot horren asmoa, beragatik txoratzen dagoela, eta on Juanek ere nahi duela biak batzea. (Inaziori berriz) Inazio, mututu egin al haiz?

INAZIO (oso lehor) Ez!

AGUSTIN Goazemak, edan dezagun penak ahazteko, orain edaten duanak indartuko ditik kemenak.

INAZIO Hoa zori-orduan!

AGUSTIN Ordu erdian ez al da igual?… Goazemak, Maria… behea zagok, bestela bakarrik noak eta bienak edango ditiat. (joaten da)


HOGEITA BOSGARREN IRUDIA
XXV
Inazio bakarrik (altxaturik)


INAZIO Hau samintasun arantzazkoa bihotzean sentitzen dudana! Hau nahigabezko egarri lehorra! Bide zuzenean estropezu egiten duenak zer egingo ote du okerrean? Pazientzia har dezagun ahal den moduan, bai, pazientzia. Jauna: izan bedi hau zure borondatea. (pixka bat egonda) Agur, Txintxueneko etxe gogoangarria! Beti-betiko agur, bizi naizen artean, ez naiz hona eta ingurura ere etorriko eta azalduko: baina… (indarrez) bai, jakin nahi dut zein den beste galai hori, ezagutu nahi dut, nire begiz ikusi gabe ez naiz sosegatuko. Bestela, berriz, Mariaren ahotik aditu gabe ezetza, ez naiz atzeratuko; eguraldiak ere mudatu egiten dira; esango diot Mariari beste horrek nik baino diru gehiago izango duela baina bihotza askoz nik baino txikiagoa duela. Zein ote da ori? A! Agustinek esan dit harekin hizketan hemen egon dela. Hori ote da? Nik egingo dut modua ezagutu edo zein den jakiteko.