Jump to content

Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/5

From Wikisource
This page has been proofread.

INAZIO Zer modu gaurko arrantza?

AGUSTIN Hainbestean, mutil; ibilera luzea izan diagu, baina nekatu arren, zerbait harrapatzen bada, neke eta nahigabe denak ahazten dituk.

INAZIO Arrazoi duk.

AGUSTIN Eta zuek nola zarete, ezer ba al zen?

INAZIO Bai, suertea izan diagu, txapela bete haizerekin gindoazaan erdi penatuak urrutira, eta uste gabean inguruan sortu zaiguk arraina, eta egin diagu antxeta.

AGUSTIN Baina zer zen, antxeta edo arraina?

INAZIO Hi beti iguala, puntuak hartzeko.

AGUSTIN Galtzerdia al haiz, bada, puntuak hartzeko?

INAZIO Ba… ba… utz itzak txorakeriak eta goazemak agudo aldatzera.

AGUSTIN Gero nora bilduko gara?

INAZIO Praixkuren sagardotegira.

AGUSTIN Ongi zagok! Han zanbulla eta lenta egingo diagu.

INAZIO Aizak, Agustin; Txintxoeneko baserrian izugarrizko sagardoa hasi omen duk.

AGUSTIN Bai?

INAZIO Bai; eta gainera bolatoki eta leku ederrak omen ditik, lehenago ere baserrian ordu gozoak igaro izan ditiagu.

AGUSTIN Hik bai, baina nik…

INAZIO Hik ere bai; beti ni naizen lekuan izaten haiz eta… Mutil; joan behar diagu.

AGUSTIN Urruti egongo duk; eta gero erremolkean etorri beharko diagu.

INAZIO Enkallo geratzen bahaiz, botako dizkiat amarrak.

AGUSTIN Hamaikak ez al dira hobeak?

INAZIO Goazemak, atzandela izango duk eta…

AGUSTIN Baina Inazio patroia! Hik sagardoarengatik edo gonadunarengatik nahi duk joan?

INAZIO Hi bezalako mutilzahar zelosoari egia esan behar zaiok bai, eta… joaten nauk biongatik.

AGUSTIN Ni, berriz, gonadunen ondora ez joateagatik, itzuliko nindukek, itsas zabalera edo arroka tartera, nahiz gilaz gora gelditu.

INAZIO Bai esan… paper asko egin, baina gero kupel ondora, atrakatu eta fondo bertan.

AGUSTIN Hi bai, aingurak bota eta egoten haizela.

INAZIO Bai, kupelari kontu egiteagatik.

AGUSTIN Edo neskari kontu hartzeagatik.

INAZIO Eta hi?

AGUSTIN Ni…? begira iezaiok, Inazio, esan diat mila bider mutilzahar geratuko naizela, eta hala geldituko nauk.

INAZIO Ezkontzen ez haizen bitartean.

AGUSTIN (Presaka) Baita ezkonduta ere.

INAZIO Zer, zer?