Schuman Adierazpena
1950, SCHUMAN ADIERAZPENA ETA IKATZAREN ETA ALTZAIRUAREN EUROPAKO ERKIDEGOA Munduko bakea babestuko bada, mehatxatzen duten arriskuen araberako ahalegin sortzaileak egin beharko dira. Harremanak baketsuak izan daitezen, ezinbestekoa da Europa antolatu eta biziak zibilizazioari eskain diezaiokeen laguntza. Orain dela hogei urte baino lehenagotik izan da Frantzia Europa batuaren aldeko txapelduna, bakearen zerbitzuan aritzea izan da beti haren funtsezko helburua. Europa ez da eraiki, eta gerra bat izan dugu. Europa ez da kolpe batean egingo, ezta eraikuntza orokor baten bidez ere; ekintza zehatzen bitartez egingo da eta ekintza horiek egitezko elkartasuna sortuko dute batez ere. Alemaniaren eta Frantziaren arteko mendeetako aurkaritza desagertzea eskatzen du Europako nazioen batasunak: lehenengo eta behin Frantziarengan eta Alemaniarengan izan behar du eragina hasitako jarduerak. Helburu horrekin, Frantziako gobernuak proposatzen du berehala jokatzea puntu mugatu baina erabakigarri bati dagokionez. Frantziako gobernuak proposatzen du Frantziak eta Alemaniak ekoizten duten ikatz eta altzairu guztia Goi Agintari komun baten ardurapean uztea, Europako beste herrialde batzuek ere parte hartu ahal izango duten erakunde ireki baten ardurapean. Ikatz- eta altzairu-ekoizpena komunean jartzeak berehala segurtatuko du garapen ekonomikorako oinarriak ezartzea, Europako Federaziorako lehenengo etapa, eta aldatu egingo du aspalditik gerrarako armak fabrikatzen aritu diren — beroriek izan dira biktimarik iraunkorrenak— lurraldeen etorkizuna. Horrela sortuko den ekoizpenaren elkartasunak erakutsiko du pentsaezin ez ezik ezinezko bihurtzen dela Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerrarik gertatzea. Batasun ekonomikoaren benetako oinarriak ezarriko ditu ekoizpenunitate indartsu hori ezartzeak; parte hartu nahi duten herrialde guztiei irekia izango da, eta bere baitako herrialde guztiei aukera emango die industriaekoizpenerako oinarrizko gaiak baldintza berdinetan hornitzeko . (...) Horrela batuko dira, era erraz eta azkarrean, zatiketa odoltsuek luzaroan elkarren aurka jarri dituzten herrialdeen interesak, erkidego zabalago eta sakonago bat ezartzeko beharrezko direnak. Oinarrizko ekoizpenak komunean jarriz eta Goi Agintaritza berria eratuz —zeinaren erabakiek Frantzia, Alemania eta elkartzen diren herrialdeak men egitera behartuko dituzten—, proposamen horrek ezarriko ditu bakea begiratzeko behar den Europako Federazio baten lehenengo oinarri zehatzak. (...) Proiektuko erakundea (banaketa suspertuz eta irabazi handiei eusteko jokabide murriztaileak bultzatuz) merkatu nazionalak ustiatzeko sorturiko nazioarteko kartelen kontrakoa izango da, eta merkatuen arteko batasuna eta ekoizpena zabaltzea ziurtatuko du. Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 313-314.