Jump to content

Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/12

From Wikisource
This page has been proofread.

HAMAHIRUGARREN IRUDIA
XIII
Lehengoa eta Agustin (Pedro sagardotegira sartzerakoan irteten da Agustin, eta topo egiten dute elkarrekin.)

AGUSTIN Ia enkallatu ginen tirabira eginda.

PEDRO Bai, uste gabeko aurkiera zen… Agustin, nahi duzu edan?

AGUSTIN Ez; orain nator edan eta.

PEDRO Gizona, beste batek ez dizu gaitzik egingo!

AGUSTIN Ez, jauna, ez; kontuz ibili behar dugu, bestela gero apasta bota eta arrastan eramango gaituzte.

PEDRO Gero arte, bada. (joanaz)

AGUSTIN Bai; gero arte.


HAMALAUGARREN IRUDIA
XIV
Agustin (bakarrik)


AGUSTIN Hori sagardoa! Aingira baino leunago sartzen da. Eta hauxe da uste gabeko lekuan adiskideak bilatzea. Atzo kalean ikusi genuen Maria, erregidorearen etxera esnearekin joaten dena, dago sagardoa saltzen, eta… han “agur, Inazio konpainiarekin” esan zuen begiratu zorrotza boteaz. Inaziok eta horrek zerbait izan behar dute, esan dezagun, ezer gabeak ez dira izango, noski; neskak, behinik behin, etxe onekoa dirudi. Orain ere ongi etorri eginaz aurpegi alaiarekin hitz onak eta gozoak esan dizkio, eta Inazio bere ondoan dago, lapa arrokari erantsia bezala, zenbat ahalegin <egin> diodan kanpora irteteko; esan dit ongi dagoela han, ez daukala ibiltzeko gogorik, nekatua dagoela eta… zenbat horrelako aitzakia; baina… ni marrajoa naiz eta ukatzen badu ere, alferrik da, Mariak bihotza Inaziori marea-gora jarri dio, baina, gizagaixoa! Itsasoan trebea eta beldur gabea da, nahiz estropadan ere bai; baina neskari amodioa egiten katuarraina baino motelago eta txipiroia baino bigunago da. Nik ez dut ezkontzeko asmorik; mutilzahar geratzeko asmoak ditut, bizi naizela eta ez naizela, baina ezkontzeko asmoa banu eta, horrek bezala, begiz joa izan, agudo beita bota eta amuan harrapatuko nuke, edo sarean leun-leun, eta saretik ihesi hasiko balitz, orduan klak! arpoiarekin niretzat. A tontotzarra!, egon hadi hor maskuloen gisa, denbora galtzen, baba dariala ahotik. Tokan ari direnei begira egotera noa