Jump to content

Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/14

From Wikisource
This page has been proofread.

HAMAZAZPIGARREN IRUDIA

Mutila (txarroa eskuan duela, sagardo bila).


MUTILA Ez dute gutxi edaten zelaian dauden haiek: hirugarren txarrokadaren bila nator. Hori entrama! (sartzen da sagardo bila)

1 TOKALARIA Ez da basta galtzea, txandaka izaten dituk lukainkak.

2 TOKALARIA Hurrena, zuen txanda izango duk irabaztea.

3 TOKALARIA Bai, galtzen ez badugu.

4 TOKALARIA Hori egia. (sartzen dira edatera.)


HEMEZORTZIGARREN IRUDIA
XVIII
Agustin; gero mutila (Agustin etortzen da tokalarien ondoren)


AGUSTIN A zer partidua jokatu duten horiek! Edan dezagun guk ere baltsamo hori. Oraindik hor egongo da Inazio, kriseiluen gisa, begiak dirdir eginaz. (bakailaoa gerrikotik atera eta janaz) Bakailao hau neskazaharra izango zen, bai lehorra eta gazia dagoela! (Mutila irteten da txarroarekin eta estropezu egiten du koskan.)

AGUSTIN Ia txarroa isuri eta sagardoa hautsi huen.

MUTILA Ederki eman ere.

AGUSTIN Txiki: osabaren etxean parienterik ba al duk?

MUTILA Bai. (zeharka begiratuaz)

AGUSTIN “Bai, jauna” esaten duk.

MUTILA Kaballeroari bai!

AGUSTIN Eta ni zer nauk, bada?

MUTILA Bakalleroa; orain ere bakailaoa eskuan daukazu.

AGUSTIN (erdi parrez txuliatuaz) Bidean txarrotik egiten al duk txurrut?

MUTILA Honantzean ez, hutsa egoten da eta…

AGUSTIN Eta harantzean?

MUTILA Batzuetan bai, pixka bat.

AGUSTIN Eta besteetan?

MUTILA Besteetan… gehixeago. (joanaz).

AGUSTIN A zer aparejoa aterako den hori ere handitzean, baserritar eskola berbera dakar! (irteten dira sagardotegitik lehengo lau tokalariak)

1. TOKALARIA Goazen; orain lagunak trukatuta.

2. TOKALARIA Ez ez; lehengoak berak. (joanaz)

3. TOKALARIA Bai, bai; ez pentsa ikaratuko garela.

4. TOKALARIA Hori, hori; lehen bezala (joaten dira.)