AGUSTIN Ez, jauna; niri itoak gustatzen zaizkit.
ON JUAN Gizona…!
AGUSTIN Eskerrik asko, jauna; bakailao… egiatako bakailaoa jaten ari naiz.
ON JUAN Igo zaitez mokadu bat bederik hartzera.
AGUSTIN Nahi duen bezala, bada; hor nator (on Juan sartzen da leihotik) A…! (jendeari) Hori da gizon kanpetxanoa; arrantzale eta herriko jende guztiak maite du aita on bat bezala. Eta horrek dituen karrakelak! (eskuekin diruengatik behatzak igurtziaz) Igo nadin, haserretu ez dadin. (igotzen da)
HOGEITA HIRUGARREN IRUDIA
XXIII
Inazio bakarrik (irteten da sagardotegitik)
INAZIO Hau lanbide penagarria! Kulubizen antzera dakart burua. Zer hutsa naizen! Zorionaren oparotasunez betea aurkitu naiz, nire bihotz zurrupagarriaren ondoan, hitz bi barrengoak esateko asmo osoan alderatu naiz, kolpez nire asmoa berari esan nahian eta… bakartasunean zerbait esateak beldurtu nau; gero norbait etorri da eta orduan, ez zitzaidan ondo iruditzen esatea. Desiratzen nuen berriz bakarrik gelditzea, eta bruma jartzen zitzaidan; pentsatzen nuen edan eta gehiago bizitu edo piztuko nintzela; edan eta alferrik! ezin inola! (sagardotegira begira) Gaixoa! ez dakizu nik zenbat sufritzen dudan zugatik… bai, zugatik. Berak eman dit ogi gainean jatera zihoan puska, zer amodiorekin! Bazirudien ogi gainean bere bihotza ematen zidala! Eta nik orduan hartu eta goxogoxo begiratuaz esan diot “eskerrik asko”; zeinak erantzun didan: Barkatu gutxigatik, ahal banu, emango nizuke dudana eta ez dudana. Ia haur bat bezala negarrak txuliatu nau eta hasi naiz malkoak ezin gorderik, lehertuko ez banintzen, alde egin behar izan dut lagunen aitzakian. Noan ostera… baina ez! ez naiz joango… baina… bai, joan egingo naiz; itsaso txarrari ere gogor egiten zaio, eta nik ere barrengo beldur gogorrari, gogorrago egingo diot. Noan, den bezala nire asmo on hau esatera… Bai; gauzak hasiz gero, ahal den lehenena egin behar dira… Han egongo da gaixoa, gau tristean izar dizdizaria egoten den bezala, bakarrik estalpe ilunean, eta zenbat eta iluntasun gehiago inguruan, orduan eta dizdirasun eta argitasun gehiago eginaz.